XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal Herriko Kultur Etxeak antolaturik. Zazpi bertsolari, 24ean, Baionako Hiri Antzokian

Lau bertsolari Hegoaldeko, eta beste hiru Iparraldetik aurkeztuko dira urtarrilaren 24an Baionako Teatro Salan egingo den bertso-jaialdira.

Ekintza hori arratsaldeko lauretan hasiko da.

Euskal Herriko onenetarikoak izango dira Baionan bere bertsoak botatzen, egun horretan.

Zazpiek, Daniel Landart gai-jartzaile dela jardungo dute.

Euskadiko txapeldun atera zen Sebastian Lizaso eta beste bi gazte aurkeztuko dira.

Gipuzkoa aldetik: Iñaki Murua eta Mikel Mendizabal.

Bizkaitik, Jon Lopategi izango da Baionan.

Bertsolari hau aspaldi honetan herriz-herri dabil bertso kantatzen eta eskolaz eskola bertsoak nola egiten irakasten.

Oraintsu, Bilbon, Araba eta Bizkaiko txapeldun gertatu da.

Hegoaldeko lau bertsolariok Iparraldeko hiruekin elkartuko dira, Baionako emanaldian.

Hauek ere bata besteen pareko eta bakoitza bere berezitasunaz: Dominique Ezponda, Mixel Xalbador eta Xanpun.

Bertso-saio hori Euskal Herriko Kultur Etxeak antolatu du, Bertsularien Lagunak elkartea partaide delarik.

Euskaldunen afaria Gaur, larunbata, Bilboko Euskaldunen afaria egingo da Gardoki jatetxean, hilaren lehenengo larunbatetan ohi den bezala.

Gaurkoak, hogeitamargarrena egiten du, eta afalostean hitzaldia izango da, Alfontso Irigoienen esku, euskara batua eta euskalkiak ardatz izango ditularik.

Afarira joateko Kirikiño, Verdes, Herriak eta Galeria del Libro liburudendetan hartu daiteke txartela.

Afaltzerik nahi ez duenak, hamar eta erdiak inguruan jatetxe horretan aurkezteko baimena du, mintzaldia entzun eta osteroko mahai inguruan parte hartzeko.